TFG-TFM MONDRAGON Sariak 2025 aurrera doaz, eta jada ezagutzera eman dira edizio honetako lanak ebaluatuko dituzten epaimahaiak. Parte hartzen duten kooperatiba bakoitzak bere epaimahai propioa du, planteatutako erronkei lotutako ezagutza-arloetan adituak diren profesionalek osatua. Orain eskuragarri daude kooperatiba bakoitzaren epaimahaiak kontsultatzeko orrialde espezifikoetan.
Sari hauek Mondragon ekosistemako kooperatibek definitutako erronka errealak lantzen dituzten Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lan onenak saritzen dituzte. Erronka bakoitza kooperatiben barne-taldeekin lankidetzan definitzen da, unibertsitateko talentuak eragin erreal eta positiboa izan dezan bilatuz. MONDRAGON Sariak ekimenak unibertsitatea eta enpresa konektatzen ditu, berrikuntza, ikaskuntza eta ingurunearekiko konpromisoa uztartuz.
Honako bost kategoria nagusietan planteatutako erronkak eta horien epaimahaiak kontsulta ditzakezu:
- Eraldaketa Digitala – Danobatgroup: digitalizazio industrialaren arloko lan onena saritzen du.
- Pertsonengan Oinarritutako Eraldaketa – MONDRAGON: pertsonak erdigunean jartzen dituzten antolaketa-eredu berrien inguruko erronka.
- Eraldaketa Energetiko-Klimatikoa – Fagor Taldea: trantsizio energetikoarekin eta jasangarritasunarekin lotutako proposamenak.
- Osasunaren eta Zaintzaren Eraldaketa – MONDRAGON Health: zahartzaro aktiboa eta ongizatea lantzen dituzten berrikuntza-proiektuak.
- Finantzen Eraldaketa Gizartearentzat – LABORAL Kutxa: finantza-sistema barneratzaileago baterako azterketak eta proposamenak.
Gainera, aurten hiru ez-ohiko sari ere banatuko dira, izena emateko beste pauso gehigarririk egin gabe:
- Proiektu berritzaileena – IKERLAN
- Euskarazko proiektu onena – EIKA
- Gizarte-eragin handiena duen proiektua – Mundukide
Zure lana berritzailea bada, euskaraz idatzita badago edo gizarte-eragin nabarmena badu, epaimahaiak automatikoki kontuan hartuko du sari hauek ematerakoan.
MONDRAGON Sariak 2025 lehiaketan izena emateko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik. Zure TFG edo TFM lanak erronka horietako bati erantzuten badio, parte hartzeko garaiz zaude oraindik.